Informazio konfidentziala

Nominak, proiektuak, administrazio-dokumentazioa edo bezeroen datu-baseak edozein erakundek maneiatzen duen informazio-motaren adibideak dira. Hala eta guztiz ere, informazio guztiak ez du garrantzi bera, eta lapurtu edo galduz gero, ondorioak ez dira berdinak izango. Horregatik, erakunde guztietan informazioa sailkatzea halabeharrezkoa da. 4 urrats daude horretarako:

  • Aktiboen inbentarioa: Aintzat hartu behar dira erakundearen baliabide guztiak, bai fisikoak, bai digitalak. Horrenbestez, informazio-aktibo guztiak identifikatzeaz gain, komeni da ezaugarri osagarriekin katalogatzea, hala nola tamaina, kokapena, kudeaketan esku hartzen duten zerbitzuak eta sailak edo arduraduna.
  • Sailkatzeko irizpideak: Informazioa sailkatzeko zenbait irizpide daude, beraz, erakundeak erabaki beharko du zein egokitzen diren ongien haien inguruabarrei. Adibide modura, hau aukera daiteke:
    • Konfidentziala: Erakundearen etorkizunerako garrantzi handiko informazioari eta etorkizuneko proiektuei aplikatzen zaie.
    • Mugatua: Erakundeko langile zehatzentzat bakarrik eskuragarria, lanerako ezinbestekoa baitzaie.
    • Barnean erabiltzeko: Beren-beregi erakundeko langileentzat irisgarria.
    • Publikoa: Informazio publikoa, besteak beste, webgunean argitaratutakoa.
  • Aktiboak sailkatzea: Aktiboko arduradunaren lana da.
  • Informazioa tratatzea: Urrats honetan zerrenda bat egin behar da sailkapenaren arabera informazio-aktibo bakoitza babesteko gauzatu diren segurtasun-tratamenduekin. Adibide batzuk dira pertsona edo talde zehatzei sarbidea mugatzea, informazioa enkriptatzea, segurtasun-kopiak egitea, konfidentzialtasun-akordioen mende jartzea...

Azaldutakoa kontuan hartuta, informazio konfidentziala da, segurtasun-arrazoiak eta garrantzia direla bide, pertsona baimenduek bakarrik eskura dezaketena. Edukia babesteko, enpresek segurtasun fisiko edo elektronikorako neurriak inplementatu behar dituzte (esaterako, pasahitzak erabiltzea edo segurtasun-kutxa gotorrak jartzea).

Erakundeak beste erakunde batzuekin informazioa partekatu behar duenean, komenigarria da “konfidentzialtasun-akordioa” sinatzea, informazio sentibera baimenik ez duten pertsonen esku ez heltzeko. Arazo bera sortzen da pertsonen kasuan erakundearekin harremana amaitzen dutenean (borondatezko baja, kaleratzea, erretiroa, etab.), beren egonaldian dokumentu konfidentzialetan sartzeko baimena bazuten. Konfidentzialtasun-hitzarmenik gabe, erakundeak arriskua du informazio sentibera baimenik gabe zabaltzeko.

Azkenik, informazio berak datu pertsonalak izan ditzake pertsona fisikoen ezaugarri fisiko, moral, etnia edo arraza, egoitzari... buruz. Ildo horri eutsiz, legediak zaintza babesten du Europarako “Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak” (DBEO) xedatutakoaren bitartez. Horren bidez, pribatutasun, intimitate, ohore eta duintasunerako eskubidea dago. Beraz, informazioa konfidentzial edo ez-konfidentzial moduan sailkatzeko, erakundeak erreparatu beharko die tratatutako datuen tipologiari eta aplika daitezkeen indarreko araudien eskakizunei.